Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan deseskaladarako Planaren 3. fasea gainditu dela adierazten da, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrerako ondorioekin.
3. fasea gainditu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko agintari eskudunei dagokie, Gernikako Estatutuan aitortutako eskuduntzen esparruan, pandemiari aurre egiten eta kontrolatzen jarraitzeko prebentzio-neurriak hartzea. Horretarako, osasuneko sailburuak agindu bat onartuko du, Euskadin “normaltasun berrian” aplikatu beharreko prebentzio-, zaintza- eta kontrol-neurriak ezartzeko.
Neurriak Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan aplikatuko dira, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrera.
Udal-, foru- eta autonomia-ikuskapeneko zerbitzuek, beren eskumenen esparruan, agindu honetan jasotako neurriak betetzen direla zaintzeko ardura izango dute. Balizko ez-betetzeak zehatu egingo dira.
PREBENTZIO-NEURRIAK
Zuhurtasun- eta babes- betebeharrak.
Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19 gaixotasuna zabaltzeko arriskurik sor ez dadin, bai eta arrisku horiekiko esposizioa bera ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei ere eskatu ahal izango zaie. Halaber, osasun-agintariek COVID-19 prebenitzeko ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.
Pertsonen arteko segurtasun-distantzia.
COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, euste- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuak ezarritako pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko neurria bete beharko da, gutxienez 1,5 metrokoa, edo, bestela, higiene-maskara egokia eta arnas etiketa erabiliz.
Jarduera guztiei eska dakizkiekeen higiene- eta prebentzio-neurriak.
Oro har, ezartzen diren arau edo protokolo espezifikoei kalterik egin gabe, higiene- eta prebentzio-neurri hauek aplikatuko zaizkie establezimendu, negozio-lokal, instalazio eta erabilera publikoko espazio eta jarduera publiko guztiei:
1. – Jarduera ekonomikoaren titularrak edo, hala badagokio, zentroen, instalazioen, erabilera publikoko espazioen eta erakundeen zuzendariak edo arduradunak agindu honetan jasotako establezimendu, lokal, instalazio edo espazioen ezaugarriei eta erabilera-intentsitateari egokitutako garbiketa- eta desinfekzio-neurriak hartzen direla ziurtatu beharko du.
2. – Gailuekin kontaktu fisikorik ez duten txartelekin edo bestelako bitartekoekin ordaintzea sustatuko da, bai eta horretarako behar diren ekipoak garbitzea eta desinfektatzea ere.
Txikizkako merkataritza-establezimenduak eta -lokalak eta publikoari irekitako zerbitzu profesionalen jardueretakoak.
Txikizkako merkataritza-establezimendu eta -lokalek eta publikoari irekitako zerbitzu profesionaletako jardueretakoek, bai eta merkataritza-zentro edo -parkeek ere, edukiera-mugarik gabe ireki ahal izango dute, betiere pertsonen arteko 1,5 metroko distantziari eusten zaiola bermatzen bada eta espazio komunetan eta jolas-guneetan, halakorik balego, edukieraren % 60 errespetatzen bada.
65 urtetik gorakoentzako lehentasunezko zerbitzua ematen saiatuko da.