Ostalaritza-sektorerako Laguntzak

OSTALARITZA-SEKTORERAKO LAGUNTZAK

Gaur argitaratu da EHAAn Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko azaroaren 13ko Agindua, zeinaren bidez EAEko ostalaritza-sektorerako laguntzak arautzen baitira eta deialdia egiten baita.

Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek, nortasun juridikorik gabeko unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat osatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen elkarteek, eta egoitza fiskala eta soziala eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten mikroenpresek eta enpresa txikiek, baldin eta COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko lehendakariaren 38/2020 Dekretuan hartutako neurriek euren jarduerari eragin badiote.

Pertsona eta erakunde onuradunek eskakizuna hauek bete beharko dituzte 2020ko urriaren 25ean:

  • a) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea eta lantokia bertan egotea.
  • b) Lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuaren eraginpean geratu den ostalaritza-jardueran aritzea.
  • c) Norberaren konturako langileen edo autonomoen kasuan, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea, 2020ko urriaren 25ean alarma-egoera deklaratu aurretik.

a) eta b) letretan jasotako betekizunak mantendu beharko dira itxiera-aldian, eta, gutxienez, hura amaitu ondorengo lau hilabeteetan. Era berean, erakunde onuradunak EJZn alta emanda egon beharko du, gutxienez aldi horretan.

Nahitaezko itxiera-epea amaitu eta 4 hilabete igaro ondoren, onuradunen jarduera mantentzen dela egiaztatuko da.

Pertsona edo erakunde onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa eskaeraren xede den establezimenduan edo lantokian 2020ko urriaren 25ean (alarma-egoera deklaratu zenean) alta-egoeran zeuden langileen kopuruaren arabera ezartzen da, honako taula honen arabera:

  • 1-3 langileko establezimenduak: 3.000 euro.
  • 4-10 langileko establezimenduak: 3.500 euro.
  • 10 langiletik gorako establezimenduak: 4.000 euro.

Eskaera egiteko epea: 15 egun baliodun, azaroaren 19ko 9: 00etatik aurrera.

Informazio gehiago nahi izanez gero, oinarri osoak deskarga ditzakezu hemen klik eginez.